Abian gara 1971z geroztik
Hirurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran, bi mediku-talde elkarrekin egokitu ziren Frantzian. Batzuk Biafrako gerran (Nigeria, 1968) iboen aurkako genozidioaren lekuko izan ziren, baina beren erakundearen aginduek hori salatzea eragotzi zieten. Besteek ikusi zuten 1970. urtean Ekialdeko Pakistanen (egungo Bangladeshen) izandako uholdeetako biktimei eskainitako laguntza ez zela inondik ere eraginkorra. Mediku horien eta beren salaketak jaso zituzten kazetarien inkonformismo horretatik sortu zen Mugarik Gabeko Medikuak.
Zuzeneko laguntza ahaztuenei
MSF gaur egun munduan dauden erakunde humanitario independente nagusienetako bat da. 70 herrialde ingurutan lan egiten dugu, gerrek, indarkeriak, bizileku-aldaketek, gaixotasun endemikoek, epidemikoek edo ahaztuek, hondamendi naturalek edo arreta medikotk guztiz baztertu diren pertsonei laguntza emanez.
Testigantza
Laguntza zuzena eskaintzeak giza sufrimenduaren lekuko bihurtzen gaitu. Uste dugu ikusten duguna kontatzeak ere biziak salbatzen dituela. Horregatik, sarritan, ozen mintzatu izan gara erantzukizunak adierazteko eta gure laguntza jasotzen duten pertsonen alde aldaketak eragiteko.
Gizaldeko ekintza independenteak
Gure laguntza benetako premiei zuzendua dago, eta ez interes politiko, ekonomiko edo erlijiosoei. Geuk erabakitzen dugu non eta nola esku hartuko dugun. Ekintza-askatasun hori gure finantza-independentzian oinarritzen da: gure funtsen % 90 pribatuak dira.
Laguntza bere xedera iristen da
Larrialdietan gehienez 72 ordutan erantzuteko gai baldin bagara, eta horrez gain, ohiko ehunka proiekturi bere horretan eusteko gauza bagara, gure logistika profesionalizatu izanari esker da. Europan erosketa-guneak eta biltegi-guneak ditugu, eta larrialdietarako erreserbak ere baditugu munduko beste eskualde batzuetan. Horri esker, laguntza-katea kontrolatzen dugu jatorritik hasi eta helmugaraino.
Profesional konprometituak
Medikuak, erizainak, logistak, psikologoak, osasunlangileak, finantzariak, administratzaileak, laborategiko teknikariak, kazetariak.... Beste pertsona batzuei laguntzen dieten pertsonak gara: guztira, 2.700 nazioarteko langile baino gehiago, gutxi gorabehera, lurralde horietara joanak, eta 31.000 profesional tokian bertan kontratatuak.*
* Iturria: Nazioarteko MSF 2014 Memoria
Mugarik gabe
Mugarik Gabeko Medikuak nazioarteko erakunde bat da; 19 sail ditu, eta horietatik bostek lurraldean bertan kudeatzen dituzte proiektuak zuzenean: Belgikan, Espainian, Frantzian, Herbehereetan eta Suitzan. Gainerakoak Alemania, Australia, Austria, Danimarka, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Grezia, Hong Kong, Italia, Japonia, Kanada, Luxenburgo, Norvegia eta Suedia dira eta diru-sarrerak biltzen, giza baliabideak erdiesten edo komunikazioak egiten laguntzen dute.
Nazioarteko aitorpena
Egindako lanaren aitorpen modura, MSFk hainbat sari irabazi ditu, hala nola, Asturiasko Printzearen Konkordia Saria (1991), Bakearen Nobel Saria (1999), Osasunaren aldeko Zayed Saria (2002) eta Gizakiaren Aldeko Lidergoarentzako Hussein Erregea Saria (2004).
Gizartearen laguntza
MSFk 5,7 milioi bazkide eta laguntzaile ditu mundu osoan, eta horietatik, 425.000 baino gehiago ditu Espainian. Horien ekarpenei eta konpromiso aktiboari esker, berehala eta erabateko independentziaz esku har dezakegu premiarik larrienean dagoenari laguntzeko.