Infekzio parasitario hau, tratatzen ez diren kasu gehienetan hilgarria dena, Afrikako 36 herrialdetan agertzen da, bereziki kutsatzen duen euliak aurrera egiten duen landa-eremuetan. Gaixotasuna XX. mendeko 60ko hamarkadan kontrolatu zen, baina kontinentean gatazka armatuak zabaltzeak eta osasun sistemak ahultzeak berpizten lagundu zioten.

Gaur egun, ia aurrerapenik ez duten eta ahaztuta dauden beste gaixotasun batzuetan ez bezala, loaren gaixotasun kasuak urtero murrizten doaz kontrol programei esker: 2009an, kasu berriak 10.000 baino gutxiago izatera heldu ziren mende erdian lehen aldiz. Azken 20 urteetan, erregistratutako kasu berriak % 97an murriztu dira.

Nola transmititzen da eta zer sintoma ditu?

Afrikako giza tripanosomiasia (THA) tripanosoma parasitoarekin infektatutako tse-tse euliaren ziztadak kutsatzen du. Kasuen % 95 baino gehiago Afrika erdialdean eta mendebaldean dagoen Trypanosoma brucei gambiense parasitoak eragiten ditu; gainerakoak, berriz, ekialdeko eta hegoaldeko Afrikan dagoen T. b. rhodesiense, parasitoak eragiten ditu.

Parasitoak nerbio-sistema zentralari erasotzen dio eta, tratatzen ez bada, nahasmendu neurologiko larriak eta heriotza eragiten ditu kasu guztietan. Gaixotasunaren I. fasean, parasitoa odolean bakarrik dago eta erraz tratatzen da (diagnostikatzen zaila bada ere, sintomak, sukarra eta ahultasuna kasu, ez baitira espezifikoak). II. fasea parasitoa odoletik nerbio-sistema zentralera pasatzen denean eta sintoma neurologiko edo psikiatrikoak agertzen direnean hasten da, hala nola koordinazio txarra, deskuiduak eta loaren nahasmenduak.

Nola diagnostikatzen da?

Zaila da diagnostikatzea, hiru urrats behar baitira. Lehenengoa, infektatuta egon daitezkeen pertsonak antigorputzen test erreaktibo azkarraren edo infekziorik dagoen detektatzen duen gongoil bidezko haztapenaren bidez identifikatzea da. Positibo ematen dutenentzat, bigarren urratsa tripanosoma parasitoaren presentzia zehazteko eta infekzioak beste kausa batzuk dituela baztertzeko proba berriak egitea da; horretarako, gongoil ziztadabat egin eta mikroskopioan aztertzen da. Parasitoa odolean dutenek diagnostikoaren hirugarren fasea egiten dute: ziztada lunbarra muinean likido zefalorrakideoan bilatzeko eta, horrela, gaixotasunaren egoera eta tratamendurik onena zehazteko. Diagnostiko-metodo horiek langile kualifikatu eta instrumental espezifikoak behar dituzte, eta ez daude egokituta gaixotasuna gertatzen den baliabiderik gabeko inguruneetara.

Nola tratatzen da?

Gaixotasunaren I. fasean pentamidina erabiltzen da, muskulu barneko bidetik zazpi egunez eta erregimen anbulatorioan ematen den sendagaia. Tratamendua ez da oso toxikoa eta nahiko eraginkorra da. II. faserako, tratamendu onena ahoko nifurtimox eta zain barneko eflornitina (NECT) bidezko terapia konbinatua da, Gaixotasun Ahaztuetarako Sendagaiak (DNDi, irabazi-asmorik gabekoa), MSF eta Epicentre ekimenak garatua. OMEk gomendatutako tratamendua da, eta oinarrizko sendagaien zerrendan sartu du.

NECTa baino lehen, tratamendua melarsoprol-arekin egiten zen, 1949an garatutako artsenikotik eratorritako sendagaia, albo-ondorio asko dituena eta heriotza ere eragin dezakeena; pazienteek "odolean sua izatea bezala" deskribatzen zituzten euren efektuak.

DNDi-k aurrerapen handia lortu du gaixotasun honen tratamenduan, fexinidazol sendagai berriaren garapenarekin. Ahotik hartzeko lehen sendagaia da, eta infekzioaren fase guztietan funtzionatzen du; seguruagoa, emateko errazagoa eta eraginkorragoa da. Haren erabilera handitzen den bitartean, NEKTak aukera segurua eta eraginkortasun handikoa izaten jarraitzen du, baina ez da nahi bezain erraza.

MSF eta loaren gaixotasuna

Aitzindariak izan gara gaixotasun honen diagnostikoan eta tratamenduan, batez ere gerra edo ezegonkortasun handiko eremuetan. 1986an abiarazi genituen gure lehen programak eta, ordutik, probak egin dizkiegu ia hiru milioi pertsonari, 56.000 pertsona baino gehiago tratatu ditugu Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kongoko Errepublikan, Afrika Erdiko Errepublikan, Hego Sudanen, Ugandan, Txaden eta Angolan.

Lehenengo urratsa gaixoak aurkitzea da. Gaixotasuna dagoen eremuetan, Osasun Ministerioekin elkarlanean, behaketa edo galbahetze kanpainak antolatzen ditugu: biztanleria-talde jakin bati sistematikoki egiten zaizkion proba edo azterketa klinikoak dira, baita sintomarik ez dutenei ere. Diagnostikoa baieztatzen denean, II. fasean dauden kasuak ospitaleratu egiten dira, gure ospitalean tratatzeko, NECTak langile espezializatuek eginiko zain barneko perfusioa behar baitu.

Gaur egun, gure proiektuetan diagnostikatu eta tratatu bakarrik ez, Osasun Ministerioetako langileen prestakuntzan eta eragin politikoko lanetan ere zentratzen gara, THAren aurkako programa nazionalak hobetzeko. Gainera, Europako gure zentro logistikoetatik, gaur egun mundu osoan erabiltzen diren loaren gaixotasunaren aurkako medikamentu guztien horniduraz eta banaketaz arduratzen gara: OMErekin eta Sanofi eta Bayer farmazialariekin elkarlanean egiten da programa hori, dohainik fabrikatu eta ematen baitituzte.

Loaren gaixotasunaren amaiera?

Une erabakigarri batean gaude: kasu berrien murrizketa hain izan da handia, kasu guztiak tratatuko balira eta transmisio bektorea (tse-tse eulia) kontrolatuko balitz, gaixotasuna desagerrarazteko pauso batera egon gintezkeelako. Baina, horretarako, premiazkoa da baliabiderik ez duten eta mediku gutxi duten herrialdeetara egokitutako diagnostiko-probak egitea, eta tratamendu-aukera gehiago izatea.