Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen du osasun mentala: ongizate-egoera, non pertsonak bere gaitasunez jabetzen den, bizitzako tentsio normalei aurre egin diezaiekeen eta modu produktibo eta emankorrean lan egin dezakeen, eta bere komunitateari ekarpen bat egiteko gai den. Ongizate hori hautsi egin daiteke traumatikoak izan daitezkeen gertakarien ondorioz, hala nola indarkeria-ekintzak pairatzea edo ikustea, hondamendi natural batean edo gerra batean maite dituzten pertsonen heriotzari aurre egitea, lekualdatu behar izatea edo etxea eta bizirauteko bitartekoak galtzea.
Osasun mentaleko arretak pertsonen eta komunitateen ongizate mentala babestu edo hobetzera, arazo mentalen garapena prebenitzera eta sufrimendua eta desordena psikologikoak tratatzera edo arintzera bideratutako edozein jarduera mota estaltzen du, eta, aldi berean, gizabanakoari eguneroko jarduerekin aurrera jarraitzeko gaitasuna hobetzen laguntzen zaio.
Kalkuluen arabera, mundu osoan 450 milioi pertsonak dituzte osasun mentaleko nahasmenduak, eta lautik batek horrelako arazoren bat izango du bizitzan zehar. Osasun mentalak ongizate fisikoan duen eragina ere garrantzitsua da: gaixotasunen % 13a inguru osasun mentaleko nahasmenduei lotuta daude. Zifra horiek gorabehera, alde handia dago osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen arretan, batez ere krisi humanitarioen biktimen artean.
Zer pertsona dira ahulagoak?
Oro har, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonak lbaztertuenen eta ahulenen artean daude. Adibidez, haurtzaroan, ez da eraiki ezbeharrari aurre egiteko adinako defentsarik eta ez da ulertzen zer gertatzen den. Emakumeak, bestalde, gizarte-baldintza okerragoen mende egon ohi dira, eta krisi-egoeretan erantzukizun handiagoa hartzen dute beren gain. Hirugarren adinean, bizi-baldintzak prekarioak izan daitezke, eta horri afekzio fisikoak edo emozionalak gehitu. Era berean, arrisku-talde batzuek arrisku handia dute, hala nola aurretiko gaixotasun fisikoak edo mentalak dituzten pertsonek.
Artatzen ditugun populazioetan, osasun mentaleko nahasmenduak egoera indibidualek nahiz komunitarioek eragin ditzakete. Adibidez, larrialdi horren ondorio izan daitezke (dolua, estresa, genero-indarkeria areagotzea edo elikadura-nahasmenduak), aurretik zeuden arazo psikologikoak edo laguntza humanitarioaren beraren ondorioak (hala nola informazio faltak eragindako antsietatea edo komunitatearen ahultzea).
Nola agertzen dira nahasmendu horiek?
Gerra, nahitaezko desplazamendu edo hondamendi natural baten esparruan, traumatikoak izan daitezkeen gertaerek eragina izan dezakete buruan, portaeretan, emozioetan edo beste pertsona batzuekiko harremanetan: pertsona horiek beldurra, segurtasunik eza, larritasuna, antsietatea, estresa, loaren alterazioak, kontzentratzeko zailtasuna, dolua maite dituzten pertsonak galtzeagatik, depresio-sintomak (umore-alterazioak, tristura), beren buruarengan eta besteengan itxaropenik eza eta konfiantza galtzea, irudi errepikariak, flashbackak eta amesgaiztoak edo gaitz psikosomatikoak jasan ditzakete.
MSF eta osasun mentala
Osasun mentala giza sufrimenduaren funtsezko erantzuna dela uste dugu: horregatik uste dugu laguntza humanitarioaren eta zainketa medikoen parte izan behar duela. Arreta mota hori ematen dugu gatazka armatuaren, indarkeriaren eta desplazamenduaren testuinguruetan, marjinazio eta zabarkeria sozialean, hondamendi naturaletan, eta beste baldintza mediko batzuei laguntzeko, hala nola gaixotasun kronikoei (GIB/hiesa, tuberkulosia), epidemiei (ebola) eta nutrizio-krisiei.
Nahasmendu ohikoenak psikologikoak eta sozialak izan daitezkeenez, gure erantzunak pertsonak eta haien komunitatea hartzen ditu kontuan: ikuspegi psikosoziala da. Gainera, laguntza psikologiko goiztiarra eskaintzen dugu, epe luzera arazo psikologikoak izateko arriskua murrizteko.
Pertsonari eta bere komunitateari laguntzea da gure helburua, esperientzia traumatiko baten ondoren beren egokitzapen-estrategiak sortu ditzaten. Arreta psikologikoko kontsultetan eta aholkularitzetan , beren bizipenei buruz hitz egiten eta sentimenduak prozesatzen laguntzen diegu, estres orokorreko mailak murrizteko: entzuten, hitzezko adierazpena eta adierazpen emozionala sustatzen, minean laguntzen, erantzuteko mekanismo pertsonalak, familiarrak eta sozialak mobilizatzen eta indartzen, eta egoera normalizatzen laguntzen eta segurtasun-, konfiantza-, autoestimu- eta itxaropen-sentimenduak berrezartzen laguntzen.
Saioak banakakoak edo taldekakoak izan daitezke. Saio bakar baten bidez egin daitezke, jarraitutasuna ezinezkoa den kasuetan (adibidez, klinika mugikor puntual bat, mugitzen ari den biztanleria bat artatzeko); noizbehinkako saioen bidez (klinika mugikor erregularrak); edo programa egonkor baten bidez (kanpo-kontsultaren, ospitaleratzearen, esku-hartze komunitarioen eta abarren bidez). Horren osagarri gisa, osasun mentala sustatzeko saioak egiten ditugu, ohitura osasungarriak sustatzeko eta krisi egoeran dauden herritarren artean nahaste mentalak prebenitzeko.
Azken urteotan, arreta psikiatrikoa integratzen ari gara osasun-zentro eta ospitaleetan, orotariko medikuak konplexutasun-maila handiagoa behar ez duten kasuak artatzeko gaitzen.
2022an, gure taldeek osasun mentaleko 425 500 banakako kontsulta eskaini zituzten.
Osasun mentala gure arlo mediko berrienetako bat da: 1989ko Armeniako lurrikararen ondoren eman genuen lehen aldiz. Gaur egun, osasun mentala estrategia medikoan, oro har, eta lehen mailako arretan, bereziki, txerta dadin bultzatzen jarraitzen dugu: komunikazio eraginkorra eta positiboa ziurtatu nahi dugu gure pazienteekin, nahasmendu horiek identifikatzeko eta lehen mailako arretatik tratatu ahal izateko, behar direnean esku-hartze psikologiko eta farmakologikoen bidez.