Tuberkulosia (TB) airearen bidez transmititzen den gaixotasun kutsakorra da. Munduko populazioaren herena baziloarekin infektatuta dago, baina 10 pertsonatik batek bakarrik garatzen du modu aktiboa. Sistema immunologiko osasuntsu batek ezkutuan mantentzen du (ez du sintomarik eta ezin da transmititu), baina gaixotasuna erraz garatzen da ahuldutako sistema immunologiko batean, eta horregatik da hain ohikoa GIBa duten pertsonengan. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2022an , 10,6 milioi pertsonak garatu zuten gaixotasuna eta 1,3 milioi pertsona hil ziren gaixotasunaren ondorioz (horietatik 167.000k ere GIBa zuten); kasu berrien % 69a Asian eta Afrikan gertatzen dira.
Gainera, gaixotasunaren maneiuan izandako urritasunak eta pazienteak tratamenduetara gaizki atxikitzea direla eta, sendagai arruntenekiko erresistenteak diren anduiak hedatzen ari dira: 2022an medikamentuekiko erresistentea den tuberkulosia duten bost pertsonatik bik bakarrik izan zuen tratamendua jasotzeko aukera.
Nola transmititzen da eta zer sintoma ditu?
TBa, batez ere birikei eragiten diena, airean zabaltzen da eztul egitean, doministiku egitean edo tu egitean. Kalkulatzen denez, forma aktiboa duen pertsona batek urtean 10 eta 15 pertsona bitartean infekta ditzake. Intzidentzia askoz ere handiagoa da GIBa duten pertsonen artean, horien artean baita lehen heriotza-kausa.
Biriketako tuberkulosiaren sintomak eztul iraunkorra, sukarra, gaueko izerditzea eta pisu-galera dira. Baina infekzioak gorputzeko ia edozein ataletan ere eragin dezake, hala nola nodulu linfatikoetan, bizkarrezurrean edo hezurretan: biriketatik kanpoko TBa da, ohikoagoa GIBa duten pazienteetan eta adin txikikoetan.
Nola diagnostikatzen da?
Garapen bidean dauden herrialdeetan gehien erabiltzen diren teknikak karkaxa-laginen analisi mikroskopikoan oinarritzen dira. Metodo hori duela mende bat baino gehiago asmatu zen eta kasuen erdia baino gutxiago detektatzen ditu. Beste arazo bat da haurren kasuan (karkaxak bazilo gutxi baititu) eta haurtxoen kasuan (zuzenean ezinezkoa baita lagin bat hartzea).
Beste aukera bat karkaxa-laginak haztea da, mikobakterio biziak dituzten egiaztatzeko; teknika zehatzagoa da, baina langile prestatuak dituen laborategi bat behar du, eta emaitzek zortzi aste ere iraun dezakete. Horrek askotan pazienteak diagnostiko osoa jakin aurretik medikatzen hasi behar izaten dela esan nahi du; beraz, tratamendua itsu-itsuan ematen da, eta ez da beti egokia izaten.
Teknologia molekularrean oinarritutako proba berriago batek emaitzak ematen ditu bi ordu eskasetan, eta medikamentuekiko erresistentzia batzuk ere detektatzen ditu, hala nola errifanpizina (indartsuenetako bat). Goi-teknologiako makina bat behar duen arren (hornidura elektriko egonkorra duena), prestakuntza azkarra jaso duten teknikariek erraz erabil dezakete. Karkaxa-lagina (erreaktibo batekin nahastuta) makinan sartzen da. Bertan, tuberkulosiaren bakterioak eta errifanpizinarekiko erresistenteak direnak detektatzen dira. Nolanahi ere, ez da perfektua: Suazilandian egindako ikerketa baten arabera, TB-MDR anduien % 25ek baino gehiagok teknologia hori detektatzeko gai ez den mutazio bat dute.
Nola tratatzen da?
TBaren tratamenduak gutxienez sei hilabete irauten du: duela 40 urte baino gehiago garatutako sendagaien konbinazio bat erabiltzen da.
Pediatriako konbinazioak duela gutxi agertu dira. 2017an, milioi bat haur inguruk TBa harrapatu zuten. Orain arte, horiek tratatzeko helduentzako pilulak zatitu behar ziren. Baina 2015ean Nigerren sendagai egokituen lehen konbinazioa erabiltzen hasi ginen, lehendik dauden hiru sendagaietatik abiatuta sortua: pilula gutxiago dira eta, gainera, erraz disolba daitezke eta zapore atsegina dute. Hala ere, tratamenduak luzea izaten jarraitzen du: sei hilabete. Sendagai berriak behar ditugu, duela 50 urtetik erabiltzen direnen ordez, tratamendu-denborak laburtzeko; izan ere, zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta handiagoa da erresistentzia-arriskua. Halaber, premiazkoa da txikienei egokitutako diagnostiko-metodoak garatzea.
Bestalde, tratamenduekiko erresistenteak diren anduiek izugarri zailtzen dute arreta. Tuberkulosi erresistenteak (TB-DR) erresistentziak ditu lehen lerroko sendagai batekiko edo gehiagorekiko.
TBa multierresistentea (TB-MDR) sendagai indartsuenetako birekiko erresistentea da gutxienez (isoniazida eta errifanpizina); forma hori bigarren lerroko sendagaiekin senda daiteke, baina tratamendua luzea da (bi urte), konplexua, garestia eta albo-ondorio asko ditu. TB multierresistentea tratatzeko, bi farmako berri daude, bedakilina eta delamanida, laburragoak eta emateko errazagoak. Sendagai berrienetako hiruk (bedakilina, delamanida eta pretomanida) pronostikoa hobetu dezakete tuberkulosi erresistentea duten pazienteentzat; hala ere, haien eskuragarritasuna oraindik mugatua da.
Bestalde, TB estraerresistenteak (TB-XDR) TB-MDR anduiak definitzen ditu. Hauek gainera, bigarren lerroko sendagaiekiko erresistenteak dira, gutxienez fluorokinolonetako bat eta gutxienez bigarren lerro injektagarrietako bat (kapreomizina, kanamizina eta amizazina) barne. Beraz, tratamendua ere oso konplikatua da, eta oso pertsona gutxik bizirauten dute gaixotasunetik.
MSF eta tuberkulosia
MSF 1995ean hasi zen tuberkulosia zuten pertsonak tratatzen; harrezkero, herrialde askotako agintari nazionalekin batera lan egin dugu diagnostikoa, tratamendua eta zaintza emateko gatazka-eremuetan, desplazatuen eta errefuxiatuen eremuetan, landa-eskualdeetan, auzo txabolistetan hiri handietan eta baita espetxeetan ere. 1999an, gaixotasunaren aurrean erresistenteak diren pertsonak artatzen hasi ginen eta, gaur egun, paziente horientzako tratamendu-hornitzaile nagusietako bat gara. 2019an, TB zuten 17.800 pertsona haien tratamenduarekin hasi ziren MSFren proiektuetan.
Phumezaren istorioa
Zurekinpronostiko guztien aurka amaiera zoriontsua duen TBaren istorioa bat partekatu nahi dugu: Phumeza Tisile-n istorioa da, gure lankidea mundu guztiak diagnostiko egokia eta tratamendu eraginkorra izan dezan lortzeko borrokan. Phumezaren ausardiak eta konpromisoak inspiratzen gaitu egunero.