Chikungunya birusa Tailandian XX. Mendearen erdialdean identifikatu zen lehen aldiz. Kimakonde hizkuntzan, chikungunya hitzak zure burua “tolestea” esan nahi du, gaixotasun hori duten pertsonen deskribapen oso fidela, konkortuta ibili ohi baitira birus horrek artikulazioetan eragiten dituen min handien ondorioz.
Nola transmititzen da?
Birusaren transmisoreak Aedes generoko eltxoak dira, bereziki Aedes aegypti eta Aedes albopictus, beste birus batzuk ere transmititu ditzaketen bi espezie, hala nola dengea, sukar horia eta Zika. Jatorriz, eltxo horiek Afrikan eta Asian bakarrik zeuden, baina duela gutxi A. albopictus (edo tigre eltxoa) Amerika eta Europaraino iritsi da. Gaixotasuna azkar ari da zabaltzen eta dagoeneko mundu osoko 60 herrialde baino gehiagotan kasuak detektatu dira.
Zer sintoma ditu?
Ziztada gertatu eta hiru eta zazpi egun artean igaro ondoren, chikungunyak sukar handia eragiten du, buruko mina, artikulazioetako eta muskuluetako mina, nekea, baita goragalea eta legenak ere. Gaixotasunak gutxitan eragiten du heriotza eta pertsona gehienak egun edo aste batzuen buruan sendatzen dira. Baina batzuek hantura handiak eta artikulazioetako mina izango dituzte urteetan zehar. Konplikazioak ohikoagoak dira urtebetetik beherakoengan, 45 urtetik gorakoengan eta gaixo kronikoengan, hala nola diabetikoengan eta hipertentsiboengan
Nola diagnostikatzen eta tratatzen da?
Sintoma batzuk dengearekin eta Zikarekin partekatzean, diagnostiko kliniko okerra gerta daiteke beste gaixotasun horiek ohikoak diren eremuetan. Diagnostikorik fidagarriena birusaren material genetikoa detektatzen duten proben bidez egiten da.
Ez dago tratamendu edo txerto espezifikorik chikungunyarentzat eta, beraz, tratamendua sintomak arintzera zuzentzen da; adibidez, hanturaren aurkako tratamenduekin mina kontrolatzeko. Eta gaixotasuna kontrolatzeko ekintzak eltxoaren ugalketa-fokuak ezabatzera bideratu behar dira.
MSF eta chikungunya
2015ean, Hondurasko ospitale nagusiari lagundu genion – prestakuntzen bidez – chikungunya agerraldi bati erantzuteko. Urte horretan bertan, Kolonbiako Osasun Ministerioari bektore-kontrolean (etxebizitzen fumigazioa), osasunaren sentsibilizazioan eta sustapenean, osasun-langileen prestakuntzan hainbat ospitaletako larrialdietan eta farmazia-kolektiboan, datu epidemiologikoen bilketan eta diagnostiko-proben dohaintzan lagundu genion. Eta epidemia-agerraldien kasuan, berehala esku hartu genuen, hala nola 2017an Mombasan (Kenya), 2018an Kassalan (Sudan) eta 2019an Etiopian.
Joan den hiletik hona, etxetik ibiltzen naiz oinak burdinazkoak balira bezala arrastaka eramanda eta egunero esnatzen naiz min berri eta oso gogor batekin. Denbora guzti horretan, ez da egunik igaro, sukarrik ez badut, buruko mina izaten dudala edo, bestela, hantura izaten dut eskuetan eta orkatiletan. Sorbaldetan, belaunetan eta lepoan ere mina dut, eta gorputz osoan hazkura. Baina izurik handiena ematen didana oinazpietan eta ukondoetan izaten ditudan ezkatak dira, arraina banintz bezala”.
Adineko emakume baten testigantza, bere etxean jasoa, Tumacon, Kolonbia (2015).