Elgorria gaixotasun biriko oso kutsakorra da, eta, nahiz eta txerto batek prebenitzen duen, haurren heriotza-kausa nagusietako bat izaten jarraitzen du, eta, hain zuzen ere, berpizten ari da. Txertaketaren estaldura globala asko hobetu den arren, Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2022an 136.000 heriotza erregistratu ziren mundu osoan, batez ere 5 urtetik beherako haurrak.

Txertaketaren murrizketen eta agerraldien berpiztearen arrazoia Txertaketa Programa Zabalduen eta zaintza epidemiologikoko sistemen gainbehera (neurri batean funts faltagatik) eta baliabiderik gabeko herrialdeetako osasun-sistemen ahultasuna dira. Horri gatazken eta indarkeriaren ondorioz biztanleen joan-etorriak larriagotu egin direla gehitu behar zaio.

Nola transmititzen da eta zer sintoma ditu?

Eztul, doministiku edo gertuko kontaktu pertsonala dugunean listu tanten bidez transmititzen den birus batek eragiten du elgorria. Sintomak, birusaren eraginpean egon eta 8-13 egunera agertzen direnak, errinorrea, eztula, begi-infekzioa, larruazaleko erupzioa eta sukar handia dira.

Kasu larriak ohikoagoak dira desnutrizio egoeran dauden haur txikien kasuan, batez ere A bitamina gutxiegitasuna badute edo GIBak edo beste gaixotasun batzuek haien immunologia-sistema ahuldu badute.

Erraz konplika daitekeen gaixotasuna da, belarriko infekzioak, itsutasuna, pneumonia, beherako larria eta deshidratazioa, desnutrizioa edo entzefalitisa (garunaren hantura); ohikoagoak dira 5 urtetik beherakoetan edo 20 urtetik gorakoetan. Izurritearen kasuan, desnutrizio-maila handia eta arreta egokirik ez duten herrietan, 10 gaixotik bat hil daiteke, eta, kasu gehienetan, konplikazio horietako batzuen ondorioz izango da.

Nola diagnostikatzen eta nola tratatzen da?

Diagnostikoa, funtsean, klinikoa da, baina froga serologikoekin ere baiezta daiteke, eta hori ezinbestekoa da epidemia deklaratu den ala ez zehazteko.

Tratamenduari dagokionez, ez dago espefizikoa denik: sintomak tratatu eta konplikazioak prebenitu behar dira, hori guztia isolamendu-inguruneetan, hedapena geldiarazteko. A bitamina gehigarriak ematen dira (hilkortasuna erdira murrizten dute) eta tratamendua ematen zaie begietako konplikazioei, estomatitisari (ahoko infekzio biriko bat), deshidratazioari, proteina gabeziei eta arnasbideetako infekzioei. Gaixo gehienak bi edo hiru astetan sendatzen dira, baina eriondo-fasean beste gaixotasun batzuk izateko arrisku handiagoa dute, hala nola desnutrizioa edo arnas infekzioak.

Nola prebenitzen da?

Elgorriaren aurkako txerto segurua eta merkea dago, eta azken hamarkadetako osasun publikoaren aurrerapen handienetako bat dela uste da. XX. mendeko 80ko hamarkadan globalki ezarri aurretik, elgorriak 2,5 milioi pertsona baino gehiago hiltzen zituen urtero. OMEren ustez, 2000tik 2022ra bitartean, txertaketek 57 milioi bizitza salbatu dituzte.

Hala ere, estaldurak eskasa izaten jarraitzen du osasun-sistema ahula duten herrialdeetan edo biztanleek arreta medikoa lortzeko zailtasunak dituzten herrialdeetan, eta horrek gaixotasunaren eraginpean dauden talde asko uzten ditu. Lan egiten dugun herrialde gehienetan, txertaketa-egutegian elgorriaren aurkako dosi bakarra sartzen da; dosi bakar horrekin, haurren % 85a baino ez daude babestuta. Ehuneko hori % 99ra igotzeko, bigarren dosi bat behar da, oso herrialde gutxik sartu dutena arrazoi ekonomiko hutsengatik.

MSFa eta elgorria

Urtero, gure taldeek elgorriaren aurkako ehunka mila txerto jartzen dituzte, bai epidemietan, bai ohiko programen esparruan, bai krisi humanitarioei erantzuteko, adibidez biztanleriaren desplazamendu baten edo lurrikara baten ondoren. Bi kasuetan, txertoak txertaketa-postuetara iristea helburu duen kate logistiko konplexu bat jartzen dugu martxan, nahiz eta oso baztertuta egon, betiere hotz-katearen barruan.

Bestalde, tratamendua ere gure gain hartzen dugu, hilkortasuna murrizteko eta kutsatzea geldiarazteko: kasu sinpleak anbulatorioan tratatzen ditugu eta kasu larriak ospitaleratzen ditugu, kaltetuak gainerako pazienteengandik isolatuz. Gainera, arreta deszentralizatuta dagoela ziurtatzen dugu, eragindako biztanleria-talde guztietara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Era berean, kasu larrietarako anbulantzia- eta deribazio-sistemak antolatzen ditugu.

Gure taldeak zaintza epidemiologikoaz (agerraldiaren bilakaera ezagutzeko) komunitatearen informazio- eta sentsibilizazio-jarduerez ere arduratzen dira.

2022an, MSFn 4,1 milioi txertaketa baino gehiago egin ditugu elgorriaren aurka epidemia-agerraldiei erantzuteko.

Sarampión en Europa

El sarampión es una enfermedad potencialmente mortal que ha resurgido en Europa: este 2025, la cifra de casos registrados es la más alta desde 1997. Nuestra compañera Patricia Postigo te explica en qué consiste esta enfermedad y cómo actuamos frente a ella.