Gure lan humanitarioa lege nagusian ezarritako printzipio eta balioetan oinarritzen da: neutraltasuna, inpartzialtasuna, diskriminaziorik eza, konpromiso pertsonala eta etika medikoa. Balio horiek bizi eta gauzatzen dira egunero burutzen ditugun ekintzetan eta hartzen ditugun erabakietan. Hori dela eta, erakunde honetan lan egiten dugun pertsona guztiok balio horiek guztiak geureganatu behar ditugu: MSFrekin bat egiten duten guztiek lege nagusia onartu eta sinatu behar dute, euren kontratuaren funtsezko osagaia baita.
MUGARIK GABEKO MEDIKUAK ERAKUNDEAREN LEGE NAGUSIA
Mugarik Gabeko Medikuak nazioarteko bokazioa duen elkarte pribatua da. Elkarteak profesional medikoak eta osasunaren arloko profesionalak biltzen ditu nagusiki; halaber, haren misioan lagun dezaketen bestelako profesionalak barne hartzearen alde dago. Guztiek printzipio hauek ohoratzeko konpromisoa hartzen dute:
Mugarik Gabeko Medikuek laguntza ematen diete babesik gabeko herriei, natura- edo giza-jatorriko hondamendietatik bizirik atera direnei edo gatazka-egoeretan daudenei, inolako diskriminaziorik egin gabe arraza, erlijio, filosofia edo politikagatik.
Neutraltasunez eta inpartzialtasunez jarduten dutenez, Mugarik Gabeko Medikuek beren funtzioa betetzeko askatasun osoa aldarrikatzen dute etika mediko unibertsalaren eta laguntza humanitariorako eskubidearen izenean.
Euren lanbidearen printzipio deontologikoak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute, baita edozein botere eta indar politiko, ekonomiko edo erlijioso ororekiko erabateko independentzia mantentzeko konpromisoa ere.
Boluntarioak direnez, burutzen dituzten misioen arrisku-maila zenbatesten dute eta ez dute euren buruarentzat edo beren hurbilekoentzat inolako konpentsaziorik erreklamatuko, elkarteak horiek emateko gai denean izan ezik.