Bost hamarkadatan emandako laguntza medikoa eta humanitarioa laburtzea ez da erraza.

Mugarik Gabeko Medikuak erakundea 1971n sortu zen, baina erakundearen sustraiak Biafrako gerraraino iristen dira.

1967an, hainbat urtez gatazkan egon ondoren, Nigeriako probintziak independentzia aldarrikatu zuen, alde bakarretik, eta gatazka izugarria hasi zen. Nigeriako armadak Biafra setiatu zuen: blokeoak gosetea ekarri zuen berehala, eta sarraskia eragin zuen biztanleen artean, zeinak ahulduta baitzeuden ordurako, lehortearen ondorioz. Horren guztiaren aurrean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea indargabe zegoen; Biafran lanean ari zenez, ospitaleak ere bonbardatzen zituztela ikusi zuen. Gurutze Gorriaren ekipoko zenbait kideren ustez, erakundeak ahalegin handiagoa egin behar zuen gertatzen ari zena salatzeko, baina haien mandatuak ez zien uzten. Kide horien artean, mediku frantses batzuk zeuden; beren herrialdera itzuli zirenean, isiltasuna etetea erabaki zuten, eta prentsarekin hitz egin zuten.

Haien salaketak besteak beste Tonus aldizkarian jaso ziren, larrialdietarako nazioarteko brigada bat sortzeko medikuak biltzen ari zen astekari mediko bat. Mediku eta kazetari batzuek hitzak alde batera uztea eta ekintzetara jotzea erabaki zuten, eta lelo berri baten pean elkartu ziren: Mugarik Gabeko Medikuak.

1971ko abenduan egin zen batzar eratzailea, Tonus astekariaren erredakzio-bulegoan. Astekariak lerroburuetan iragarri zuen “zenbait borondate elkartu zirela, mugak desagerrarazi nahi baitzituzten salbatzeko eta artatzeko bokazioa zutenen artean eta giza ankerkeriak eta naturaren nahasmenduek eragindako biktimen artean”. Gerra hotz betean ere, erakunde berriak interes geopolitikoekin zerikusirik ez zuen ekintza medikoa defendatu zuen: larrialdiaren biktima diren biztanleek behar duten tokietara joatean datza, premiazko laguntza medikoa emateko.

Orduz geroztik, azken 50 urteetako gatazka eta hondamendi nagusietan eman dugu laguntza medikoa eta humanitarioa.

Horrelakoa da Mugarik Gabeko Medikuak